XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bere kreatibitatea oroimenarekin osatu eta aberasten duen edozein artista motaren aurrean, dela zinegilea, dela idazlea, dela margolaria, niri zalantza bat eta beti berdina sortzen zait, gizakiok zalantza izakiak baikara, erantzunkumeak bainoago: jende hau bizi izan zen gero oroimenen kontura, euren orekaz baliatuz, euren benetakotasuna profitatuz bizitza aurrera ateratzeko, ala artea erabili zuten bizi ez baizik bixi izan zirela zioen existentzia arrunt eta iluna dotoretzeko, salbatzeko?

Galdera hau, zinegile eta idazle askoren kasuan, funtsezkoa eta era berean arrisku handikoa dela deritzot.

Neu ere adinean sartzen noan bezala, gero eta konbentzituagoa nago, gero eta gehiago uste dut, bizitzako borroka deitzen den hori ez dela hainbeste bizirik irauteko edo nahi duguna eginaz bizitzeko apustua, baizik eta gero, betiko gero horretan esker onekoak eta mereziko duten oroitzapenak edukitzea bideratuko digun modu horretan bizitzea baino.

Hori besterik ez da zaharren eta gazteen arteko ezberdintasunaren funtsa: gazteek egunean egunekoa bizi dute, haientzat ez dago duela hamar urte... hitzekin hasten den esaldirik, eta are gehiago, izugarria iruditzen zaie, eta ezuste bortitzekiko laborri eta harridura aurpegiz diote, urte bete daramat Evarekin esaera.

Beraz, zaharrak badu oroimena, eta askotan oroimena besterik ez du zaharrak; gazteak, aldiz, ez du oroimenik, eta bizitza besterik ez du, bere aurrean, berak aukeratu moduan edo uzten dioten modu bakarrean bizi ahal izateko.

Bi mutur horien artean zubirik ez balego, mundua desorekatua geneukake, baina bien arteko muga ez da batere garbia, zeren denok bizi izango zenuten gazte bat zaharra iruditzen zaizuelako esperientzia edota zahar batez mintzatzerakoan bihotz gaztea duela iriztearena, eta batetik bestera, gaztetik zaharrera dagoen inoren eremu zabal eta zehazgabe horretan agertzen da, mugitzen da, bizi da, figura berri bat: pertsona helduarena.

Heldua ez du adinak egiten, baizik eta igarotzen ari zaion denborarekiko bere jarrerak.